Bideoa eta logotipo berria estreinatu du Nafarroako Landa Eskolen Sareak

2022/12/02

Joan den irailaren 26an egin zen bideo-erreportajea eta logotipoaren aurkezpena Beireko ikastetxe publikoan. Ekitaldian izan ziren Hezkuntza sailburua, herriko Udaleko alkate eta ordezkariak, ikastetxeko zuzendaria eta irakasleak, Tafallako eskualdeko koordinatzailea eta Landa Eskolen Ataleko ordezkariak.

Proiektua aurreko ikasturtean burutu zuten egungo 12 landa-eremuetako koordinatzaileek eta Hezkuntza saileko Haur eta Landa Eskolen Ataleko ordezkariek osatzen duten Sareak; bertan, jende askok parte hartu du. Eskola ttikietan izandako bizipenak partekatu dituzten atzoko eta egungo ikasleek. Hirietara bultzatzen gaituen gizarteak eragindako oztopoak gaindituz, herrian hazi eta hezitzea erabaki duten familiek; harreman sendoak eta natura eta herri-kulturarekiko atxikimendu handia eskaintzen dien eskola eredua aukeratzen dute. Eguneroko lanaz, ikastetxeak kalitate handiko hezkuntza proiektu berritzaile bihurtzen duten irakasleek. Eskolaren lana baloratuz, herriak ikastetxerik gabe ulertzen ez dituzten biztanle eta udalek. 

Ezinezkoa izan da aurpegi guztiak bideoan agertzea, baina pertsona hauek guztiak daude proiektuan beren ekarpenekin, eta ezinbestekoak dira Landa Eskolak aurrera  egin dezan.

Ia egunero entzuten da herrien biziraupena zein garrantzisua den bizi ditugun garai hauetan, baina baita zenbat zailtasun dauden herrietan bizitzeko ere. Landa Eskola herri hauen orainaldiko eta etorkizuneko gizarte-kapitala sortzen duen agentea da. 

Nafarroan 12 landa eremutan banaturik daude egun 9 unitate (talde) baino gutxiago dituzten 65 eskola publikoak eta 3.000 neska-mutikok burutzen dituzte bertan Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta, kasu batzuetan, Bigarren Hezkuntzako ikasketak.

Bortzirietan Arantza, Etxalar eta Igantziko landa eskolak daude.